Azken urteetan, Bilboko Portuko Agintaritzak apustu handia egin du azpiegitura eta espazio berriak sortzeko. Horrekin batera, BPAk ahalegin handia egin du gure lurreko komunikazioak hobetzeko, eta, hala, gure eragin-eremua (Hinterland) hedatzeko eta gure azpiegiturak modu eraginkorragoan eta gardenagoan ustiatzeko aukera emango duten tresna telematikoak lortzeko. Horrekin guztiarekin, portuaren eta portuko enpresen posizionamendu lehiakorra ezin hobea izatea lortu nahi dugu.
Beraz, azpiegiturekin eta info-egiturekin hornitutako portu bizi eta lehiakorra lortu nahi dugu, zirkulazio-mota guztiek eta, bereziki, koordinazio, azkartasun eta eraginkortasun handia eskatzen duten zirkulazioek (adibidez, edukiontzien garraioa eta Europako distantzia laburreko garraioa, itsasoko autobideetan egiten dena barne) dituzten beharrei erantzuteko.
2000. urtean, BPA espazio birtual bat garatzen hasi zen zerbitzu telematikoak, izapideak eta erabiltzaile-komunitateen arteko informazio-trukeak optimizatzeko, eta, hartara, Bilboko Portuaren lehiakortasuna hobetzeko helburu orokorrak lortzeko bidean aurrerapausoak emateko. 2003ko abenduan sortu zen espazio hori e-puertobilbao izenarekin eta PIDE zerbitzuarekin (Itsasontziak sartzeko eta ateratzeko kudeaketa-zerbitzu integratuarekin).

Badakigu teknologia berriek erakundeetan eragin handia dutela, eta horrelako sistema batek arrakasta izatea ez dagoela teknologiaren baitan soilik, sistema hori erabiltzaileek onartzean baizik. Alde horretatik, e-puertobilbao proiektua lantzean, portuan dauden sentsibilitate eta abiadura guztiak modu integratzailean garatzeko ereduaren alde egin du beti BPAk, Bilboko Portuko erabiltzaile guztien artean onartuko, adostuko eta erabiliko den plataforma izan dadin, betiere zerbitzuaren kalitate- eta bikaintasun-parametroetan oinarrituta.