Zerbitzu horren bidez, e-puertobilbao plataformak kanal telematiko bat jartzen du erabiltzaileen komunitatearen eskura; kanal horrek euskarria ematen dio Mugako Ikuskapen Postuko (MIP) ikuskapenak koordinatzeko prozedurari.
e-puertobilbao plataformak ikuskaritza-jarduerak modu eraginkorrean koordinatzen dituen tresna bat eskaintzen du. Tresna horren bidez, prozedura bateratu batean integratzen dira salgaien ikuskapen teknikoei buruzko eskuduntzak dituzten erakundeak eta administrazio publikoak.

Aduana-agenteentzako eta enpresa kontsignatarioentzako zerbitzu horrek prozedura bakar batean biltzen ditu ikuskaritza-zerbitzuak (kanpo-osasuna, zerbitzu fitosanitarioak eta Soivre), Bilboko Aduana (zerga-agentzia) eta Mugako Ikuskapen Postuko (MIP) kudeatzailea, eta modu guztiz gardenean kudeatzen du horien arteko informazio-trukea. Horrez gain, ikuskapen-operazioetan parte hartzen duten agenteetara bideratzen du informazioa (adibidez, terminaletara —enpresa zamaketariak— eta garraiolarietara), ikuskapen-operazioak koordinatzeko.
Ikuskapen-postuan dauden edukiontzien kokapena koordinatzera zuzenduta dago zerbitzua. Horretarako, ikuskapenean parte hartzen duten eta ikuskapena egiteko beharrezkoak eta ezinbestekoak diren agente guztiek prest egon behar dute ikuskapena egiteko aukeratutako datan eta orduan.

Bilboko Portuko Mugako Ikuskapen Postuaren (MIP) instalazio berrien oinarrizko osagaia da zerbitzu hau.
e-puertobilbao plataformaren bitarteko telematikoek dakartzaten abantailez gain (adibidez, papera alde batera uztea eta izapideak on-line egitea), zerbitzu horren bidez, are balio erantsi handiagoa ematen zaio jarduera operatibo osoari. Hala, ikuskapen-operazioen eguneroko plangintzan oinarritutako ereduaren bidez, ikuskapenak optimizatu egin dira, itxaron beharreko denbora murriztu egin da eta, gainera, prozesuak gardentasun handiagoa lortu du.
