Distantzia laburreko itsas trafikoaren aldeko apustua egina duenez, Short Sea Shipping (SSS) atez ateko garraio-zikloaren parte-hartzaileei irekitako mezuak garatzeko ShortSea XML proiektuaren lehen fasearen amaierako biltzarrean parte hartu zuen Bilboko Portuko Agintaritzak, Parisen. Informazio-trukea erraztea, zerbitzu hobea ematea eta kostuak murriztea da proiektuaren helburua.
Biltzarrean, bi urtean egindako lana aurkeztu da, hainbat mezuren garapena, alegia; besteak beste scheduling-eko mezuena, booking-ekoena, adierazpen-mezuena eta merkantzien egoerari buruzko mezuena.
Horrekin batera, zenbait proiektu pilotu abian jarri dira: logistika-zerbitzuen hornitzaile baten (EWALSen) eta itsas operadore baten artekoa (Norfolk Line); horren antzeko proiektu bat, Mars (kargatze-enpresa) eta Samskip-en artekoa; eta UECC eta Kristiansand-eko portuaren artekoa.
e-puertobilbao plataforma telematikoaren garapen-estrategian sartzen da proiektua, bai nazioarteko erakundeen estandarrak erabiltzeari eta sustatzeari dagokienez, bai plataforma beste portu batzuekiko harremanetara (lengoaia berarekin betiere) eta plataforma telematikoekiko nahiz nazioarteko operadoreekiko harremanetara zabaltzeari dagokionez. Horrek, berriz, finkatu egiten du Portuaren eta Bilboko itsas eta portu-komunitatearen lehiakortasuna eta hedakuntza, eta hobetu egiten du arku atlantikoko itsas garraioko zerbitzuen garapena. EWALSek, adibidez, Transfennicaren bidez ere ontziratzen du. Transfennica, biltzarraren babesleetako bat izateaz gain, Bilbo eta Zeebrudgge arteko lehen itsas autopista atlantikoa eskaintzen duen linea da.
Distantzia laburreko itsas trafikoaren aldeko apustua
Marko Polo Programako Common Learning atalean sartzen da ShortSea XML proiektua, eta partaide ditu mezuak estandarizatzeko zenbait erakunde (SMDG, Norstella), Norvegiako, Finlandiako, Alemaniako, Herbehereetako eta Frantziako Short Sea Shipping-a sustatzeko zentroetako hainbat kide, eta Rotterdam, Anberes eta Bilboko plataforma telematikoak edo Port Community Sistems-ak, baita itsas garraioko zenbait linea (Lys Line, Color Line, Sea-cargo, Container Ships, Samskip, Norfolk Line eta UECC), portu, kargatze-enpresa eta lurreko garraioko zenbait enpresa ere.
Hemendik aurrera, garatutako mezuen mantentze-lanez arduratuko da proiektua, bai eta horiek tresna espezifiko gisa erabiltzea sustatzeaz ere, distantzia laburreko itsas garraioko zerbitzuak hobetzeko. Horretarako, erabiltzaile-talde espezifiko bat eratuko da SMDGn (mezuen garapenerako taldea; 20 urte baino gehiago ditu, eta Bilboko portuak 1996tik hartzen du parte), beste erabiltzaile-talde bat Europan, eta, azkenik, horrekin batera, Marco Poloren deialdi berrietako proiektu-garapeneko plataformetan parte hartzea aztertuko da.