Uztailak 1etik aurrera, Bilboko portu lehiakorragoa eta seguruagoa izango da, eta bizkorrago egingo dira lanak. Bilboko Portuko Agintaritzak sarrerak kontrolatzeko sistema berria —itsasontziak eta portuetako instalazioak babesteko nazioarteko kodean (ISPS, ingelesez) oinarritua— jarriko du martxan, helburu hauekin: portu-barrutiko segurtasun-maila handitzea, ibilgailuen eta pertsonen sarrerak eta irteerak kontrolatzea eta erregistratzea, datu-hartzea automatizatzea, eta ibilgailuen etorrera erregulatzea barrutiaren kudeaketa logistikoa eta portuko lanak optimizatzeko.
Data horretatik aurrera, Portuko lanarekin lotutako jarduera, zerbitzu edo garraioren bat egin behar dutela justifikatu behar dute Bilboko Portura sartzen diren pertsona eta ibilgailuek. Halaber, aldez aurretik jakinarazi beharko da sarrera; hartara, terminalek eragiketa planifikatzeko astia izango dute, eta, ondorioz, itxaronaldirik ez da izango. Kamioiek debekatua izango dute portu-barrutian aparkatzea, eta merkantziak uzteko edo jasotzeko bakarrik egon ahalko dira portu-barruan.
Portuko Agintaritza izango da, e-puertobilbao plataforma elektronikoaren bidez, garraio-enpresaren eta terminalen arteko lotura, izapideak eta eragiketa erraztearren betiere. Portua erabiltzen duten enpresek eta kamioilariek, hortaz, , baimena izango dute portura sartzeko —baldin eta eta karga- edo deskarga-lanak egiteko agindurik baldin badute aldez aurretik— jakinarazpen bakarra eginda. Hartara, izapide gutxiago egin eta denbora aurreztuko dute.
Agindu hori merkantziaren jabeak (esportatzailea eta inportatzailea), itsasontziaren kontsignatarioak, terminalak, garraio-kudeatzaileak, aduanazainak edo garraioaren merkatariak eman dezakete. Aurreabisua emateko, e-puertobilbao plataforma bidez matrikula, data, merkantzia eta helmuga-terminalaren datuak sartzeko web aplikazio bat ezarri da. Plataforma horretara sartzeko, ziurtagiri digital bat behar da. Portuko Erabiltzaileen Arretagunera deituta (cau@bilabaoport.es) emango dizute ziurtagiria.
Izapide gutxiago egin eta denbora aurreztuko dute
Auto eta ibilgailu arinei dagokienez, egiaztagiri-txartel bidezko kontrola egingo da, edo kontrolean bertan egingo da identifikazioa. Pertsonek, berriz, dagokien egiaztagiria edo identifikazioa aurkeztu behar dute sarrerako kontrolgunean.