Inpaktu garrantzitsuko mugarri
Aplikazio informatiko berri bat jarri du Bilboko Portuko Agintaritzak, edukiontzien posizioa koordinatzeko. Bilboko portuko Mugako Ikuskapen Postuaren (MIP) instalazio berriekin batera egin da aplikazioa, e-puertobilbao plataforma telematikoaren zerbitzu-eskaintzan.
Aplikazio horri esker, ikuskapenetan parte hartzen duten guztiek –aduanako agenteak, garraio-kudeatzailea, kontsignatarioa, garraio-enpresa, ikuskapen-zerbitzuak, aduanako zaintzaile fiskala eta MIP kudeatzailea– noiznahi jakin dezakete zer edukiontzi ikuskatu behar diren, baita ikuskapenaren eguna eta ordua ere. Ikuskapen-lanak egiten lagundu egiten du horrek, eta, jakina, bizkortu egiten du ikuskatu beharreko merkantzien zirkulazioa.
Proiektuan esku hartu duten enpresa guztien arteko elkarlanari esker, erabateko arrakasta izan du aplikazio berriaren hasierak bizkortasunari, partaidetzari eta aplikazio eraginkorrari dagokienez. Parte hartzen duten agenteen % 95k baino gehiagok lehenbiziko egunetik erabili zuen zerbitzu berria. Azpimarratzeko moduko datua da, kontuan izanik agente horietako askok lehenbiziko harremana zuela e-puertobilbao-rekin.
Portuko Agintaritzaren nahia da ikuskapenak eraginkortasunez egiten laguntzea MIPen kudeaketa doitzeko tresna informatiko horiek eta egun dauzkagun instalazio bikainek, Bilboko Portuaren hedatze-politikari eta estrategiari jarraiki.