Bilboko Portuak garraio intermodala garatzeko eta sustatzeko estrategia aurkeztu du martxoaren 4tik 5era Cork-en (Irlanda) egindako foroan. Foro horretan, Europar Batasunak aditzera eman ditu zer ekintza-plan eta finantziazio-mekanismo dituen Arku Atlantikorako 2014-2020 aldirako, ikerketaren, berrikuntzaren eta portuen garapenaren arloei dagokienez.
Bilboko Portuko Agintaritzako Lehiakortasuneko burua, Txaber Goiri, arduratu da bertaratuei portuaren estrategiaren berri emateaz. Goirik nabarmendu duenez, balio erantsia dute Bilboko Portuko zerbitzu telematikoek. Alde horretatik, hauek aipatu ditu: distantzia laburreko itsas garraiorako itsas terminal espezifikoen garapena, erabilgarri dauden tren-terminalak, distantzia laburreko itsas trafikoari laguntzeko tarifa-politika espezifikoa eta merkantzia trenez sartzea/irtetea.
Balio erantsiko zerbitzuak
Goirik nabarmendu du ahalegin handia egiten ari direla operadore logistikoekin, terminalekin eta garraio-enpresekin lankidetzan. Halaber, goretsi du Espainiako eta nazioarteko aduanekiko lankidetza, oztopoak gaindituz joateko, bai eta itsasontzi-tren garraio intermodala erabiltzen duen merkantziak errepidez bakarrik garraiatzen den merkantziaren aduana-tratamendu berbera izatea ere.
Aurkezpenaren zati handi bat bi gai hauen inguruan izan da: alde batetik, Bilboko Portuak lehorreko plataforma logistikoen garapenean duen parte-hartzea, eta, bestetik, e-puertobilbao plataforma telematikoaren balio erantsiko zerbitzuak. Bestalde, gogora ekarri dute IBUK-Intermodal Corridor proiektua, Bilboko Portuaren hinterland-aren eta Erresuma Batuaren artean korridore intermodal bat garatzeko. Europar Batasunak TENT-T programaren barruan kofinantzatutako proiektu bat da, eta e-puertobilbao plataformako zerbitzu telematikoak garatzea ere aurreikusten du.
Zerbitzu horiek Intermodal Corridor Community System deiturikoan sartzen dira; korridore intermodal horretako garraiobideen eta merkantzien fluxuari laguntzeko kudeaketa elektronikoko zerbitzuak ematea du ardatz sistema horrek. Kasu honetan, lehen aldiz, plataformako zerbitzuek atetik aterainoko garraio-kate guztia hartuko dute barnean; beraz, Erresuma Batuko antzeko sistemekin integratu beharko dira.
Amaitzeko, aipatu da garraio-sare intermodal ahaltsu bat edukitzea garrantzitsua dela merkataritzaren aldetik gune erakargarri eta irisgarri gisa agertzeko. Portuko Agintaritzako ordezkariak adierazi duenez, funtsezkoa da itsasoko, trenbideko eta errepideko garraioaren konbinazio adimendun bat izatea epe ertainera garraio-eskaintza jasangarri bat eskaintzeko.