Zerbitzu hori abian jartzearekin bat, hardware eta software mailako berrikuntza teknologikoak protagonista dituen etapa berria hasi da. Abian jarri zenetik 6 urte igaro direnean, berrikuntza gauzatu da, eta bost aldiz ahaltsuagoa den hardware plataforma eta Interneterako sarbidearen hobekuntza lortu dira.
Interneterako sarbideari dagokionez, sarbide-emaria bikoiztu egin da, bi kanal independente erabiliz (kanal bakoitza hornitzaile batek kudeatuko du). Apirilaren 17an ekin zitzaion etapa berri horri. Egun horretan, Bilboko zerbitzariak itzali ziren, eta Santurtzin dauden zerbitzari berriak jarri ziren abian.
Zerbitzua edukiontzien trafikoari bideratuta dago, eta trafikoa arrazionalizatzea eta portuko eta terminal zamaketarietako ateen kudeaketa arintzea du helburu. Horri guztiari aurreabisua gehituz gero, ia berehalakoan sar daiteke ibilgailu bat portura -baita zaintzarik gabe ere-, matrikula-irakurgailua duten erreietan.
Bestalde, elektronikoki helarazten zaie garraioari buruzko informazioa gainerako eragileei (lurreko garraio-enpresak, trenbidea, gordailuak eta garraio-kudeatzaileak); horri esker, itxarote-zerrendak saihestu egiten dira eta behar bezala kudea daitezke garraioaren etapa guztiak.
Zerbitzuak portuko eta terminaletako ateen kudeaketari buruzko informazioa ere jasotzen duenez, trazabilitate-funtzioa ere betetzen du, portuko esparruan zehar egiten duen bidean edukiontzia non dagoen jakiteko. Horrela, Bilboko portua paperik gabeko portu izateko bidean beste urrats bat egin dugu, eta aldi berean edukiontzietako merkantziaren garraioari gardentasuna, arintasuna eta segurtasuna eman diogu.
Azken helburua da merkantziak lurreko garraio bidez portura sartu eta irteten diren merkantzien igarobidea kudeatzea, tresna telematikoak erabiliz. Aurreabisuen zerbitzua eta esportaziorako paperik gabekoen segimendua ezarriz hasi zen prozesua, eta entregatze/onartze zerbitzua barne hartzen du orain. Hori osatzeko, trenbide bidez portura sartu eta irteteko zerbitzuaren definizioan eta garraio-ordenaren zerbitzuan lanean ari gara.
Paperik gabeko portu izateko bidean beste urrats bat
Une horretan, e-puertobilbaok guztiz zerbitzu-eskaintza intermodala izango du, itsas garraioaren zatia (lehenengo zerbitzuak) errepide eta trenbide bidezko lurreko zatiarekin bat eginik. Hortik aurrera, plataforma hinterland-ari irekiko zaio, portuari zerbitzua ematen dioten jarduera logistikoko guneekin bategite-zerbitzuak eskainiz, eta baita foreland-ari ere, armadoreen sistemekin eta Bilboko Portuarentzat estrategiko diren portu edo merkatuen plataformekin bat egitea ahalbidetuko duten zerbitzuekin.